Azala
Azala Antsietatea kudeatzeko eta errendimendu akademikoa hobetzeko programak

Antsietatea kudeatzeko eta errendimendu akademikoa hobetzeko programak

Hezkuntza testuingurutan erabilitako «bioatzeraelikadura»-ren [«biofeedback»] bitartez entrenamendu-programek ikasleriaren antsietatea murrizten eta errendimendu akademikoa hobetzen lagundu ahal dute. Bestalde, ikasleek duten prozesu psikofisiologiko, kognitibo eta emozionalen arteko interakzio dinamikoa ezagutzen sakontzeko balio dute «biofeedback»-aren teknikek. Hau da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerketa-talde batek egin duen azterlan baten ondorioa. Talde honen koordinatzailea Aitor Aritzeta Psikologia Fakultateko irakaslea izan da. «Reducing Anxiety and Improving Academic Performance Through a Biofeedback Relaxation Training Program» izenburupean, ikerketa Applied Psychophysiology and Biofeedback aldizkari zientifikoan argitaratu egin da.

Burututako ikerlanean, EHUko Psikologiako Fakultateko 2. ikasturteko 152 ikaslek (batez besteko adina 19 urte izan zen, eta % 74 emakumeak izan ziren) programan parte hartu zuten. Eta, berriz, antzeko ezaugarriak zituzten 81 ikaslek (batez besteko adina, 19 urte, eta % 71 emakumeak) ohiko prestakuntzarekin jarraitu zuten, programan parte hartu gabe.

Emaitzak

Programak 12 aste iraun zuen, aurrez aurreko 5 saio izan zituen eta arnasketa sakonerako, ikuspegi positiborako eta muskulu erlaxaziorako tekniken (eta «biofeedback»-a monitorizatzearen) bidez garatu zen. Azkenean, lortu ziren emaitzen arabera, programak antsietatearen eta estres fisiologikoaren mailak murriztu egiten ditu (% 42 batez beste) eta errendimendu akademikoa hobetu egiten du (10etik 1,4 puntu batez beste). Teknika hauek erabili zituzten ikasleek programan parte hartu ez zutenek baino kontzientzia handiagoa eta emozioak kontrolatzeko gaitasun handiagoaerakutsi zituzten.

Trebakuntzaren bidez, ikasleriak antsietatea eta estresa gidatzeko trebetasunak era eraginkorrean eskuratzen ditu, maila fisiologikoan zein subjektiboan. Gainera, bere antsietatea kudeatzean, gaitasun handiagoa du azterketaren edukietan ardazteko eta zentratzeko, eta guzti honek bere errendimendu akademikoa areagotzen du. Eta hedatukiago –ikertzaileen ustetan– ikasleen prestakuntza hobetzen laguntzen du bizitzari eta geroko zeregin profesionalari begira.

«Reducing Anxiety and Improving Academic Performance Through a Biofeedback Relaxation Training Program» izenburuko azterlana Applied Psychophysiology and Biofeedback aldizkari zientifikoan argitaratu egin da (2017ko iraila, 42. zk., 193-202 or.). Egileak Aitor Aritzeta, Goretti Soroa, Nekane Balluerka, Alexander Muela, Arantxa Gorostiaga eta Jone Aliri ikertzaileak dira. 

2017.12.14