Azala
Azala Garunak «sinkronizatzen dira» mintzatzen garen bitartean

Garunak «sinkronizatzen dira» mintzatzen garen bitartean

Hizketan hasten diren bi pertsonen garunen jarduera aldi berean «sinkronizatzen da», pertsona horiek entzuten eta hitz egiten duten bitartean. Lehen aldiz elkarrizketan ari diren bi pertsonen arteko garun «sinkronizazio» honek hizkuntza bera gainditzen du eta komunikazioaren pertsonarteko izaerari esker sortzen da. Egoitza Donostian duen Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak ondorio hau egiaztatu du ikerketa baten bidez. Azterlana zuzendu duen taldeak Scientific Reports aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaltzen du, «Brain-to-brain entrainment: EEG interbrain synchronization while speaking and listening» izenburukoan. Testua Alejandro Pérez, Manuel Carreiras eta Jon Andoni Duñabeitia ikertzaileek sinatu dute.

Diziplinartekotasuna da Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroaren ezaugarri definitzaileetariko bat. Garatu den ahozko komunikazioari eta garunaren jarduerari buruzko ikerketa ikuspegi honen barruan kokatzen da. Horrela bideratu behar da parte hartzen duten alderdi neurologikoak, linguistikoak eta pertsonen arteko interazkiokoak kontuan hartuz.

Nature taldeko Scientific Reports aldizkarian argitaratu den «Brain-to-brain entrainment: EEG interbrain synchronization while speaking and listening» izenburuko artikuluak ikerketa hau eta bere emaitzak aztertzen ditu.

Garunaren «sinkronizazioa», mintzatzen (hitz egiten eta entzuten) duten bi pertsonen arteko sortzen dena, egiaztatu dute Alejandro Pérez, Manuel Carreiras eta Jon Andoni Duñabeitia zientzialariek. Pertsonarteko lotura hau garunaren jarduera elektrikoaren bidez agertzen da eta elektroentzefalografiari esker erregistratzen da. Lotura zentzumen-akoplamenduarekin bat dator (estimuluen arabera: entzuten eta esaten dena). Baina baita komunikazioaren, prozesu interaktiboaren edo joera kooperatiboaren berezko aldeegatik ere sortzen da. Kasu horietan, garunak elkarrekin eta aldi berean «lanean jartzen dira». Solaskideen garun-erritmoak konpasatzen dira, elkarri emandako mezuetatik aparte.

Lotura erraztea

Azterlana haien artean lotura duten garunaren funtzioak ezagutzeari bideratuta dago. Ikerketan hizkuntzaren hastapen neuronalak praktika sozial gisa azpimarratzen dira. Bestalde, pertsonen arteko komunikazioaren izaera interaktiboak duen garrantzia nabarmentzen da: garun indibidualen eta autonomoen artean, nolabait, era enpatikoan, «sinkronizatzen», antzematen, modulatzen eta moldatzen direnak lotura hori errazteko.

BCBL zentroko ikertzaileen ustez, garunen arteko «sinkronia» bide interesgarria izan daiteke hizkuntza ulertzeko eta pertsonarteko komunikazioa ezagutzeko, eta hedaduraz erabilgarria komunikazio-esperientziak hobetzeko, bereziki behar diren kasuetan eta egoeran.

2017.11.07