Emozioak

Emozioak gure bizitzan daude jaiotzen garenetik, eta gure nortasuna eraikitzerakoan eta elkarrekintza sozialean paper garrantzitsua betetzen dute.

Egunero hartzen ditugun erabakien iturri nagusia izateaz gain, emozioek eboluzio-prozesu guztietan esku hartzen dute: komunikazioaren garapenean, ezagutza sozialean, informazioa prozesatzerakoan, atxikimenduan, garapen moralean, etab. (Aritzeta, Pizarro eta Soroa, 2008: 26).

Oinarrizko emozio eta emozio konplexuak bereiz ditzakegu; eta, halaber, atseginak (positiboak) eta ezatseginak (negatiboak).

  • Oinarrizko emozioak (baita lehen mailakoak edo funtsezkoak) berezko aurpegi-adierazpena eta aurre egiteko ohiko gogoa sortzen dutenak dira.
  • Emozio konplexuak (baita bigarren mailakoak edo eratorriak) oinarrizko emozioen arteko konbinazioetatik eratortzen dira, baina ez dituzte hazpegi unibertsalak sortzen, nahiz eta ekintzarako joera partikularrak (testuinguru desberdinetakoak) bai sortu.
  • Emozio positiboak (edo atseginak) helburu bat lortzen denean edo lor daitekeenean sentitzen denari egiten diote erreferentzia. Aukera horiei aurre egitea norberaren ekintzak ematen duenaz gozatzean eta eragiten duen ongizatean datza.
  • Emozio negatiboak (edo ezatseginak) helburu bat blokeatzen denean sentitzen dira; mehatxu edo galera baten aurrean gertatzen dira eta egoerari presaz aurre egiteko energia eta mobilizazioa eskatzen dute.

Emozioen sailkapen-mota asko dago, eta horien artean zenbait berdintasun eta desberdintasun aurki ditzakegu, baina, hemen, kasu honetarako egokiena dena irizten duguna aurkeztuko dugu:

  Oinarrizko emozioak Emozio konplexuak
Iturria: Aritzeta, Pizarro eta Soroa (2008: 26), Campos, Barret, Lamb, Goldsmith eta Stenbergen lanetik moldatua (1983).
Negatiboak   Sumina – Beldurra – Tristura Lotsa, gorrotoa, jelosia, inbidia, mespretxua, atsekabea, etsipena, errua, aspertzea, mesfidantza
Positiboak    Poza – Interesa – Harridura Plazera, jakin-mina, gurtza, harrotasuna, estasia.

Emozioek funtsezko funtzioak dituzte:

  • Portaeren funtzio motibatzailea
  • Egokitze eta biziraupen-funtzioa
  • Funtzio soziala
    (elkarrekintza: gainerakoei nola sentitzen garen komunikatzeko, eta gainerakoengan eragina izateko eta alderantziz)

Funtzio horiek, gainera, prebentzio eta aurre hartze-izaera dute eta norbanakoaren garapenean era esanguratsuan eragiten dute. Buruko beste prozesu batzuetan eragina dutenez, hautemateko, arreta jartzeko, memorizatzeko, arrazoitzeko eta errealitatea sortzeko moduan eragin dezakete.